jueves, 27 de diciembre de 2007

LEHIAKETA


Aupa, hemen duzue galdera berria aspaldiko partez.
Gabonak direla eta hauen inguruko galdera bat egingo dizuet oraingoan:

Aipatu deabruaren papera antzeztu duten 3 aktore/sa (jjajajajj)

Erantzunak beti bezala serpiko13@hotmail.com

Ea rankin-ari astindu bat ematen diozuen, animo!!
JASOTAKO ERANTZUNAK:
1. Rosalinda Calentano (la pasion de cristo)
2. Harvy Keitel (little Nicky)
3. Emmanuelle Seigner (la novena puerta)
4.Elizabeth Hurley - Al diablo con el diablo
5.Billy Cristal - Desmontando a Harry
6.Jack Nicholson - Las brujas de Eastwick
7.Seamus Davey-Fitzpatrick - La Profecia

I AM LEGEND (Soy Leyenda) -2007-


Richard Matheson-en zientzia fikziozko elaberrian oinarrituriko filme hau, zerbait ona egitekotan erdi bidean geratu zaigu.

Birus ikaragarri batek gizateria guztia kutsatu du eta Will Smith onik geratzen den pertsona bakarra izan daiteke.

Badirudi gabonetako estreno takilero horietako bat dela (eta agian ala izango da) baina ez ditu haien osagaiak. Francis Lawrence zuzendariak saiakera aipagarria egiten du, protagonistaren sentimenduak argitaratzeko, baita Will Smith-ek ere, baina ez zaie ongi atera. Ez aurrera eta ez atzera geratu zaizkigu, ez dira ausartu sakontasun osoan protagonistaren bakardadea, beldurra, eromena etab. islatzen eta ezta efektu bereziz jositako filme palomitero baina entretenigarri horietako bat egiten ere. Pena bat.

Zuzendariak berriz ikusi beharko luke Juan Carlos Fresnadillo-ren "28 Semanas Después" bikaina. Haren erritmoa, beldurra, akzioa eta baita dilema morala ere askoz landuagoak bait dira.

Will Smith berriz ez zait egokiena iruditzen paper honetarako. Gauza handiak egin ditzazkeela erakutsi duen arren (Ali -2001-), eta horaingo honetan ere gogoz saiatu dela igartzen den arren, bere alde komikoa asimilatuegia dugula iruditzen zait horrelako pertsonai bat sinetsi ahal izateko. Honen erakusgai, manikiekin dituen elkarrizketak edo Shrek-en pasartea barregarri egiten zaizkigu, hark sufritu duen bakardadean eta hutsunean pentsarazi beharrean.


ONENA: Txakur protagonista, Rex telesailekoa ote!? jajajajaja!
TXARRENA: Zergatik egin dituzte infektatutako gizakiak ordenagailuz?? ez dira sinesgarriak! "La Momia" filme penagarriko momia gogorarazi didate..

BREACH (El Espía) -2007-


Benetako gertakari batean oinarritutako pelikula dugu Billy Ray-k zuzenduriko hau. Bertan 2001-ean atxilotua izan zen Robert Hanssen FBI-ko ajentearen istorioa kontatzen zaigu. Honek Sovietar Batasunari EEUU-ko gobernuaren informazio sekretua saldu zion honen babes sistema atzeratua zegoela erakusteko.

Protagonista Chris Cooper handia dugu, paper protagonista askorik izan ez duen arren oraindik, maila paregabea erakusten duen aktorea. Lone Star, American Beauty, Syriana, Adaptation...etab. filmetan ikusi ahal izan duguna. Azken honengatik aktore sekundarioaren oscar-a eta urrezko puxika (globo de oro, jajajajajajajajaaaaajajjjajjajaajajajajaj) irabazi zituen.

"Breach" honetan paper protagonista du eta izugarrizko pixua ematen dio bere lanarekin, pentsa, aktorea izanik, ikuslea engainatu behar duzu, horretaz gain, espia papera duzu, alegia beste aktoreak engainatu behar dituzu, eta gainera, zure pertsonaia aztertzen ari dira, beraz beste pertsonaiek engaina ez zaitzaten saiatu behar duzu. Ufaaaa... benetan paper konplexua ederki antzeztua bai horixe!

Pelikula bere osotasunean nahiko ona iruditu zait, nahiz eta egoera batzuk fortzatuegiak iruditu. Ryan Phillipe gazteak nola entretenitzen duen Cooper-en pertsonaia adibidez.

ONENA: Chris Cooper, jarto!
TXARRENA: Nolatan ditu horrenbeste arma autoan???!!!!
BITXIKERIA: "24" telesailean Palmer presidentearen papera zuen Dennis Haysbert ikus dezakegu. Portzierto, agian zineko tiroketarekin onenean ikusi ahal izan genuena "Heat" pelikulan lapurretako auto gidari bezala.

sábado, 15 de diciembre de 2007

DAS LEBEN DER ANDEREN -2006- (La Vida De Los Otros)


Atzerriko pelikula onenaren Oscar-a irabazi zuen 2006-an Florian Henckel-en filme alemaniar honek.

AED (Alemaniar Errepublika Demokratikoa) ren azken urtetan kokatzen da pelikula eta bertako artista eta intelektualek jasandako espioitza islatzen da.

Protagonista polizia sekretuko (Stasi) partaide bat da eta pentsamendu okzidentalaren aldeko izatearen susmagarri bat zelatatzea izango da bere lana. Horretan dabilela, zelatariak zelatatuaren bizimoduaren berri izango du, haren pentsakera, ezinegona, eta gizartearen ikuspuntua ezagutuz. Horrela, zelatatuaren etorkizuna zelatariaren jokaeraren eskuetan geratuko da.

Gutxitan piztu du horrelako interesa, Holywood boteretsukoa ez den filme batek. Pelikula ederra iruditu zait eta neurri batean George Orwell-en 1984 nobela dakarkit burura. Bietan pentsamentu bakarrera behartzen da jendea eta bestelako pentsakera duena deuzestua izaten da.

Bene-benetan pelikula gomendagarria.

ONENA: Ez da ez dirutza, ez aurpegi ezagunik behar pelikula onak egiteko.

TXARRENA: Aurpegi ezagunik ez duelako agian askok ez zutela ikusiko.

BITXIKERIA: Ulrich Mühe aktore protagonistak ospea lortu zuen filme honekin baina zoritxarrez aurtengo uztailean hil zen minbiziak jota.

BULLIT -1968-


Peter Yates-ek zuzenduriko filme hau Steve McQueen-en filme ezagunenetako bat da. Bertan McQueen, San Francisco hiriko polizia bat da eta lekuko bat babestea da bere betebeharra. Nola ez, gauzak ez dira diruditena eta hor sortzen da akzioa.

Zinearen historiako auto jazarpen famatuenetako bat ikus dezakegu bertan, non McQueen berak gidatzen zuen (doblerik gabe) Ford Mustan GT-390 mitikoa.

Nire ustez jazarpen honen inguruan mito bihurtu da pelikula baina ez dut uste filmea bere osotasunean horrenbestarako denik. Hori bai, urte asko pasatu dira eta nahiz eta gaur egun agian pobre xamarra iruditu, onartu beharra dago bere garaian pelikula aparta izango zela.


ONENA: Auto jazarpena eta autoa bera.

TXARRENA: Filmearen sonak "espektatiba" handiegiak sortarazi zizkidan.


BITXIKERIA: Robert Duvall aktore aparta ikus dezakegu taxi gidari baten paper txiki batean.

"Equipo A" telesailean ezagutu genuen Robert Vaughn ere bertan dugu.

viernes, 7 de diciembre de 2007

LEHIAKETA


Badirudi azken lehiaketa nahiko zaila egin zaizuela, beraz oraingo honetan errazago bat ipini dizuet. Zein pelikularen portada den asmatu beharko duzue. Izenburua ezabatu egin dut baina protagonisten izenak ez, errazago izan dadin. Animo!


Erantzuna: "Memorias de Africa"

HITMAN -2007-


Bale, badirudi akziozko pelikulak sinpleak direla eta edozeinek egin ditzazkela baina ez. HITMAN honek erakusten du hori ez dela egia. Akziozko filme elegante bat egin nahi izan dute bideo-joko hau moldatuz baina bai zera! Xavier Gens zuzendariak han eta hemen ikusitako trikimailu, kamara geldo eta kamara angeluak erabili nahi izan ditu baina hortan gelditu da, nahi eta ezin! Izan ere, estilodun zuzendaria izan behar da pelikula mota hau egiten jakiteko, hala nola, John Woo edo Luc Besson.

Hiltzaile profesionalaren istorioa mila aldiz ikusia dugu eta filme honek ez du ezer berririk erakusten, beraz norbaitek zerbait hobeagoa egin bitartean, nahiago ditut Nikita, Leon: El Profesional, Crying Freeman, The Killer edo Bourne-n 3 pelikulak.
Laburbilduz: Mala de ...jones!


ONENA: Neska katxarroa

TXARRENA: Ez du ekarpen berririk egin generora


BITXIKERIA: Protagonistaren abizena bitxia da benetan: Olyphant. Garai bateko Gallifanteak dakarzkit burura...

jueves, 29 de noviembre de 2007

GATTACA -1997-


Andrew Niccol zuzendariaren lehen filmea de Gattaca.

Zientzia fikziozko filmea da non, haurrak genetikoki nolakoak izango diren aukeratu ahal den gizarte bat erakusten den, bertan, genetikoki aurreratuak direnak (Uma Thurman) aukera gehiago izango dituzte eta era tradizionalean jaiotakoak berriz (Ethan Hawk) baztertuak izango dira.

Ez pentsa zientzia fikzioa izteagatik, espaziuntziak, extralurtarrak eta gauza arraroak ateratzen direnik, Gattaca, giza kemenaren ahalmena erakusten duen filme interesgarria da.

Aipatzekoa da Jude Law-ren helbarritu papera, bere talentua erakutsi eta Holywood-eko ateak irekitzeko balio izan ziona. Aparta!


ONENA: Jude Law

TXARRENA: Bere garaian nahiko oharkabean pasatu izana


BITXIKERIA: Orain telebistako "Monk" telesailagatik ezagunagoa den Tony Shalhoub aktorea dugu bertan.

BERRIAK


Bien, bien, bien...

Ipini ditut azken bi galderen emaitzak, zer moduz joan dira?

Bi partaide berri ditugu blogean, eta gogoz sartu dira rankinean! Ongi etorri Josune eta Estebitan!

Bitxikeri modura, begira zer bidali digun gure lagun Yata!-k: Lego-ko piezekin eraikitako Cazafantasmas-eko autoa. Badu antza , bai horixe!

Mila esker!

lunes, 26 de noviembre de 2007

MICHAEL CLAYTON -2007-


Egunotan pantailetan dugun George Clooney-ren azken pelikula da "Michael Clayton".

Empresa indartsuak, abokatuak, dirua, interesak, joku zikina eta pertsonaien kontzientzia uztartzen dituen pelikula interesgarria.

Nekazal produktuak sustatzen dituen multinazional batek, minbizia sortarazten duen produktu bat erabiltzen duela jakin ondoren, protagonistak ixilarazi nahiko dituzte, aktore/sa oso onez betetako filme honetan.

Hasiera batean, filmeak korapilotsuegia izango dela dirudi baina behin protagonistaren bizimodua zelako eromena den azaldu ondoren, gaia zentratzen joango da mamira heldu arte.

"The Insider" (El Dilema) filmearen estilo bera duela esan genezake baina honen mailara iritsi gabe (ezta gutxiago ere).


ONENA: Hasierako bakarrizketa, hilketa profesionala eta Clooney-ren "amargau" aurpegia

TXARRENA: Agian bukaera errazegia...


Bitxikeria: Tom Wilkinson aktore aparta dugu filmean, gehienok Full Monty pelikulan ezagutu genuena.

sábado, 17 de noviembre de 2007

BERRIAK

Aupa,
azken bi lehiaketetako emaitzak ipini ditut, baita ranking-a eguneratu ere!

martes, 13 de noviembre de 2007

BERRIAK: ELKARRIZKETA

Aupa, 25 puntutara lehena iritsi den partaideari eginiko elkarrizketa hementxe duzue! Irakurri arretaz, badu mamia
eta.. jajaja!



Bueno, lehenik eta behin zorionak!
Hasi aurretik, zure egiazko identitatea azaldu nahi al duzu, izena, abizena, argazkiren bat...?
- Bai, nola ez. Nire izena Marty Feldman da, baina horrela esanda inor gutxik ezagutuko nau. Horretarako nire argazkia bidaltzea iruditu zait egokiena, nire fotogenia paregabeaz goza dezazuen. Zoritxarrez, lentillarik gabe atera zidaten argazkia, ze jarri orduko kafesnera erori zitzaizkidan.

Azaldu iezaiguzu mesedez nondik datorren zure izen orde hori “La vida es como un queso...”
- Ba egia esan, zeresan handia eman duen esaldi bat da. Napoleonek Waterlooko gudalostea pikutara zihoala ikustean esan zuen estreinakoz eta gero, Viccenso Cortinok erabili zuen bere alabaren ezkontza egunean: 'Mafia. Estafa como puedas' pelikulan, alegia. Nork ez du mirestu Lloyd Bridges 'Macarena' dantzatzen ikustea?

Zer sentitzen da gure lehiaketa ohoretsuan lehen elkarrizketatua izatean?
- Zurikeritan aritzen diren horietakoa ez naizenez, bada, argi esango dizut: Phil Collinsi Oscar saria popatik sartu ziotenean baino alaiago nago. Ya lo creo!

Goazen harira, zer iruditzen zaizu lehiaketaren maila? Errazegia, zailegia…, asko kostatu al zaizu erantzunak topatzea?
- Errazegia da! Baina ez da harritzeko, nire liburutegian makina bat txosten eta entziklopedia ilustratu daude, eta horrek asko laguntzen du. Erantzun gehienak, ordea, 11811 telefono zenbakira deituta lortu nituek. Jackson Five taldeko desteñituak eman zizkidan erantzun guztiak. Orain, telefonoan faktura ikusi beharko nolakoa den... De pelikula!

Sarritan joaten al zara zinera ala nahiago duzu etxean dvd bat ikusi?
- Zinemara gutxitan joaten naiz, badakizu... joaten naizen bakoitzean La Ley de Murphy gertatzen da: albokoa risketosak jaten, aurrekoa mobilakin, atzeko atsua eztala enteratzen, bestaldeko umea kaka ematen... Zinema aretoen eserlekuek garrote vil inkorporatua eduki beharko lukete horrelako kasuetarako. Horrexegatik, BETA bideo sisteman ikusten ditut CashConvertersen erositako españoladak.

Aitortu gaitezen, Emule-ri astindurik ematen al diozu pelikulak jeisteko?
- Gustatzen zaizkidan pirata bakarrak Basil Rathbone, Tyrone Power, Douglas Fairbanks edo Errol Flynn aktoreek antzeztutakoak dira. Horiek, bai, gizonak! Malla estu-estuekin eta garaiko fruitua heldu berria dutela... Baina tira! Zein zen galdera? Ah, bai... Emule gutxiago eta Emmanulle gehiago, lagunok!

Zertan fijatzen zara pelikula bat edo beste ikustera joateko? Zuzendarian, aktore/sa protagonistan, generoan...?
- Egia aitortu behar badizut, film bat aukeratzerakoan kontuan hartzen ditudan irizpideak honakoak dira, hurrenez hurren: argazki zuzendariordearen laguntzailea japoniarra den jakitea, filmean Forest Whitaker edo Cuba Gooding Jr. bezalako aktoreak rapeatzen ateratzea eta Bette Midler 5 pisutako tarta erraldoi batetatik ateratzea. Oraindik ez dut halako filmerik aurkitu, beraz, Donostiako Cristina-Enea parkera joaten naiz indioilarrei gusanitoak botatzera. Baina... beharbada genero guztiak ditut gustuko, komedia albaniarra izan ezik.

Esan gustokoen dituzun 3 pelikula, 3 zuzendari, 3 aktore eta 3 aktoresa:
- Pelikulak: They Call Him Seven Machos (1950); Las Juergas de ’El Señorito’ (1972); eta Nanouk l'Esquimau (1922).
- Zuzendari: Carl Theodore Dreyer, Ernst Lubitsch eta Yasujiro Ozu.
- Aktoreak: Chris Elliot, Eusebio Poncela eta Martxelo Rubio.
- Aktoresak: Erin Daye, Diane Keaton eta Marisa Pocel.

Amaitzeko test txiki bat egingo dugu:

Dolby surround edo bi palomita zorro haundi?
Mooooooooooooviiiiiiiirrrrrrrrrrreeeeeecoord!
Schwarzenegger edo Stallone?
Chuck Norris.
Zinera bakarrik, bikotekidearekin ala lagunekin? Ojo hemen, bikotekidea haserretu gabe eh!
La rana Gustavoren llavero luminosoarekin.
Van Damme edo Steven Seagal?
Kurt Russell.
Pepsi txikia, ertaina edo haundia?
Pepsi Max ertaina; Pepsi light txikia; eta Pepsi normala Havana 7rekin.
Terence Hill edo Bud Spencer?
Banana Joe.
Sarrerak lehiatilan edo internet, telefonoz edo servikutxan?
Modelon horrelako berrikuntzarik ez dago. Betiko mini txartel kutre horietako bat...
Jet Li edo Jackie Chan?
Pat Morita
Aretoan sartu aurretik pixa egitera, noski, baina goxokiak erosi aurretik edo ondoren? Seguruenik denok bezala ondoren eta eskuak gauzez beteta, pepsia, palomitak, gominolak... ez da asunto erraza, ez horixe.
Ba, ni helduentzako pardelekin joaten naiz... Esfinterra nahiko kaskauta daukat eta palomitak jan ahala beherakoak ematen dit.

Ba honaino gure elkarrizketa, mila esker zure partaidetzagatik eta segi horrela!
P.D. Zure izenordeari erantzunez... AHÍ, AHÍ...!!!!

domingo, 11 de noviembre de 2007

GONE BABY GONE (Adiós pequeña, adiós) -2007-


Lehenik eta behin aitortu beharra daukat Ben Affleck aktore penagarria iruditzen zaidala. Baina badu talentua mutil honek. 1997 azaldu zuen Matt Damon-ekin batera idatzitako "El Indomable Will Hunting"-en guidoiarekin eta orain, 2007-an "Adiós pequeña, adiós" honekin datorkigu, gidoian parte hartuz eta filmea zuzenduz.

Haur baten bahiketa argitu nahi duen detektibe baten istorioa da. Ez dut gehiago argituko, beti hobe izaten bait da filmak ikustera ahalik eta gutxien jakinda joatea.

Zuzendari bezala debut ikusgarria egin du Affleck-ek, pelikula aparta, gogorrra, zikina eta deserosoa, baina bai, aparta.

Topiko bat badirudi ere, pelikula honek, pertsonaien lekuan izan ezkero, zer egingo zenukeen pentsarazi egiten dizu. Hainbat dilema moral planteatzen ditu eta ikusleak erabaki beharko du noren jokaera den zuzenena.

Interpretazio aldetik zer esan... Pelikula berean Ed Harris eta Morgan Freeman baditugu, lasai joan gaitezke pelikula hori ikustera, arlo horretan kalitatea bermatua bait dago. Bestalde, protagonista, Casey Affleck ( Ben-en anaia) oso seguru mugitzen da emozio zurrunbilo horretan. Oraintxe bertan beste pelikula betean ere ikus dezakegu zinean: "El asesinato de Jesse James por el cobarde Robert Ford". Adi mutil honekin...

ONENA: Jokabide zuzenena zein ote den pentsa arazten dizu.

TXARRENA: Nire ustez, amaieran protagonistari azken erabaki bat hartzea falta zaio. (Ez dut hemen azalduko bestela pelikula txafatuko nizueke...)

BITXIKERIA: Ed Harris-en pertsonaiaren lankide bezala, John Ashton aktorea dugu, duela 23 urte "Superpolicia en Hollywood"-en Eddie Murphy-ren ondoan lan egin zuena. Aurpegi berdin berdina mantentzen du, bigote eta guzti!!

sábado, 10 de noviembre de 2007

BERRIAK


Aupa!

Gure lehiakide YATA!-k proposamen bat egin du. Nire ustez historiako 10 pelikula onenak zein diren idazteko eskatu dit.

Bueno, esan beharra daukat ez ditudala nahiko pelikula ikusi eskari hori bete ahal izateko eta sailkapenak egitea askotan ez dela oso zentzuzkoa. Garrantzitsuena, nire ustez, bakoitzak bere gustoko pelikulak aurkitzea da, alde batera utziz "ofizialki" onak edo txarrak diren.

Beraz, hauxe egingo dut. Blog-ean eskuin aldean beherago, niri gustatu zaizkidan pelikula batzuk gomendatzen ditut, tarteka aldatzen joango nahizenak. Pelikula ezberdinak ipintzen saiatuko naiz, ze komertzialenak denok ezagutzen bait dugu, zer iruditzen?Ea baten bat gustoko duzuen!

Ah eta ez lotsatu Steven "cara de piedra" Seagal-en jarraitzaileak bazarete! Para gustos...

jueves, 8 de noviembre de 2007

12 ANGRY MEN (12 Hombres Sin Piedad) -1957-


Sidney Lumet zuzendariak maisulan bat erdietsi zuen bere lehenengo saiakeran. Gizon bat heriotzera bidali edo ez erabaki behar duen epaimahai popular baten deliberazio gelan kokatzen da akzioa. Henry Fonda buru delarik, ikusi beharreko klasikoa dugu hau. Antzerki obra bat bailitzan, akzio guztia gela berean ematen da, bertan elkarrizketa zoragarriak ematen direlarik.
Deliberazioaren hasieran 12 tik 11 pertsonek erruduntzat jotzen dute epaitua baina batek ez. Hau (Henry Fonda) banan bana besten argumentuak baliogabetzen joango da iritzia aldaeraziz.
Prozesu honetan, maisuki azaltzen ditu Lumet-k pertsonai bakoitzaren ezinegon, aurreiritzi, historio pertsonalak eta delitua bera.

Pelikula batean garrantzitsuena istorioa eta partaideen talentua dela frogatzen duen ezinbesteko adibidea da "12 Angry Men"

ONENA: Baliabide tekniko gutxirekin gauza apartak egin daitezkeela. Bai horixe!
TXARRENA: Jende askok txuri beltzean izateagatik bakarrik ez duela ikusiko. Okerreko aurreritziak...

BITXIKERIA: Sidney Lumet-en LEHEN filmea izan zen!!

lunes, 5 de noviembre de 2007

BERRIAK!

Aupa!

Ipini berri ditut azken bi lehiaketen emaitzak eta hoiekin batera baita ranking-aren eguneraketa ere. "La vida es como un queso" lehiakidea 25 puntutara iritsi da dagoeneko beraz, agindu bezala, laister izango duzue hari eginiko elkarrizketa irakurgai.

Baina ez da hemen amaitzen lehiaketa, ez horixe! 25 puntutara iristen den bakoitzari ere elkarrizketa egingo zaio beraz segi parte hartzen!

Eta lehen irabazleari zorionak eta segi horrela, 50 puntura iristean izango da beste sariren bat eta!

domingo, 28 de octubre de 2007

DEATH AT A FUNERAL (Un Funeral De Muerte) -2007-


EEUU, Erresuma Batua et Alemaniak elkarlanean aurkezten diguten pelikula dibertigarria dugu honako hau. Humore beltza eta beti funtzionatzen duen humore eskatologikoa nahasten dituzte bertan, estilo ingeles finarekin guztia borobilduz.

Imagina daitezkeen egoera aldrebesenak gertatzen dira hileta batean, antolatzaileei hainbat buruhauste ekarriko dizkietelarik.

Eskertzen da tarteka horrelako komedia bat ikusteko aukera izatea. Komedia romantikoa ez dena eta nerabeen neurrira egindako "Amerikan Pie"-ren bariante bat ez dena.

Zorionez hor ditugu, Farrely anaiak beren pelikula gamberroekin eta baita Coen anaiak ere beraien humore bikainarekin. Orain Frank Oz gehitu beharko dugu zerrendara, komediak bakarrik egiten ez dituen arren, lehen ere barrea ederki eragin bait zigun "Bowfinger" (Eddie Murphy) apartarekin.

ONENA: Osaba Alfie-ren kakalarria!

TXARRENA: Agian protagonista markatuago bat faltada erreferentzi modura...

BITXIKERIA: Zuzendari honek, Jim Hensonekin (Teleñecos-en sortzailea) batera "El Cristal Oscuro" filmea zuzendu zuen 1982-an.


ALATRISTE -2006-


Aurrekontu izugarria, jantzi, dekoratu,ambientazio, etab. oso onak... baina ez dabil behar bezala Agustin Díaz Yanes-ek zuzenduriko filme hau.

Arturo Perez Reverte-ren elaberritan oinarrituriko istorio hau, material ona zen filme galanta egiteko baina ez da posible izan.

Erritmo falta nabaria du, soinu banda ere faltan botatzen da eta zer esan aktore/aktoresen gainean; Esanguratsua da, pertsonaia espainiarretaz doan istorio honetan, onena aktore atzerritar bat izatea. Viggo Mortensenek lan eskerga egiten du filmea aurrera ateratzeko. Urte askoan Argentinan bizi izandakoa, gaztelera ezagutzen du baina azentoa aldatu eta garai bateko hizkerara moldatu behar izan du. Bestalde, sinesgarri den pertsonai bakarrenetakoa da berea.

Askori handiegi geratzen zaie papera, esaterako, Eduardo Noriega, Unax Ugalde, Elena Anaya...

Ikutu epikoa emateko garaian berriz, motz geratzen da zuzendaria eta ez du inongo emoziorik transmititzen.

Zuzendariaren lana hiru hitzetan deskriba daiteke: Nahi eta ezin.

ONENA: Viggo Mortensen eta Ariadna Gil-en arteko eszenak.

TXARRENA: Xuxurlaka hitzegin behar hori, zergatik? eta Blanca Portillo, Bocanegra-ren paperean. Gizonezkoa dela sinestu behar al dugu? Zergatik aukera zentzugabe hori?
BITXIKERIA: Amaiera aldera "Los Hombres De Paco"-ko "Paco" bera (Paco Tous aktorea) ikus dezakegu batalloiko burua bezala.

lunes, 22 de octubre de 2007

EASTERN PROMISES (Promesas Del Este) -2007-


"Una Historia De Violencia"- rekin David Cronenberg zuzendaria komertzial bihurtu zela dioenak zaplasteko ederra hartuko du bere azken pelikularekin.

" Promesas Del Este"-n Viggo Mortensenekin errepikatzen du (beldurgarri dago) bere betiko estiloa mantenduz. Bortizkeria era erreal eta gordinean azaltzen du ohi bezala, denen gustoko platera izango ez den pelikula honetan.

Hasiera hasieratik erakusten digu Cronenberg-ek bere lenguaia zuzena, eta argi uzten digu ez duela eszena gogorrenak leuntzeko asmorik; ikusleari gustatzen bazaio "bien, y si no tambíén" eta horrek asko esaten du bere alde.

Gero eta kotizatuagoa dagoen Viggo Mortensen berriz, oso ongi dago bere paperean. Hasieran gehiegizkoa badirudi ere, bere pertsonaia hazten doa metraian zehar, sauanako burruka izugarrira iritsi arte.

ONENA: Saunako burruka basatia... joer!
TXARRENA: Zarauzko Modelo zineman pasa dugun HOTZA!

BITXIKERIA: Jessica Lange-ekin batera "La Caja De Música"-n ezagutu genuen (nik behintzat...) Armin Mueller Stahl ikus dezakegu aspaldiko partez, "capo" nagusiaren paperean, hori bai, orain bigote gabe!

OHARRA

Aupa, gauza pare bat!

1-Azken lehiaketa honetan, partaide batek ez du bere sinadurarik ipini beraz, ranking-ean azaldu nahi badu, ipini dezala mesedez.

2-Erantzunak eman edo komentarioren bat egiterakoan mesedez ez egin "cortar-pegar" beste leku batzuetatik, batzuk dibertigarriak izan daitezkeen arren (Errol Flynn-ena adibidez), oso inpertsonala geratzen da eta hobe egongo litzateke zerbait propioa idatzi ezkero, txorakeri bat izanda ere. Bestalde, edozein hizkuntzatan parte hartu daitekeela argi utzi nahiko nuke baina noski, euskaraz jakin ezkero, euskaraz! Ezta?

Mila esker guztioi! Ieeeeeeeeeeeeeeeeeepaaaaa!

miércoles, 17 de octubre de 2007

Eskari Berezia: HUMANOIDS FROM THE DEEP (Humanoides Del Abismo) -1980-



Lan hauetan luzaro jardundako Roger Corman-ek produzituriko serie-B ( edo Z) -ko beldurrezko pelikula dugu hau.


Arrantzale herrixka batean, arrantza eskasia dela eta esperimentu genetikoak egitea erabakitzen dute arazoa konpontzeko eta NOLA EZ! munstro mutanteak sortarazten dituzte.


Hauek itsasotik lurrera egingo dute, emakumeak bortxatu eta gizakiak jateko! JARTO!

Beldurrezko generoan sailkatua dagoen arren, hain da kutrea pelikula ze izugarrizko parre algarak bota ditzakezu. Oso dibertigarria, lagun artean ikusteko!


Bitxikeria: Aktore protagonistaren izena Doug McClure ! (bai, bai, Los Simpsoneko Troy McClure aktorea bezala! Kasualitatea? Ez dut uste....

martes, 16 de octubre de 2007

Eskari Berezia

Aupa jende!

Lehenik eta behin mila esker zuen parte hartzeagatik. Gero eta lagun gehiago gara!

Azken bi lehiaketak oraindik martxan dira. Bihar arratsaldean emango dut irabazleen berri eta ranking-ean sartuak izango dira. Asmatu ote duzue?

Bestalde, hainbat filme proposamen egin dituzue: Zoolander, Adaptation: El Ladrón De Orquídeas,El Viaje De Chihiro, El Cubo, Humanoides Del Abismo eta Holocausto Canibal. (Baietz portadak aurkitu!)

Oraingoz ezin izango dut "El Viaje De Chihiro" filme animatu japoniarra eta "Holocausto Canibal" filme gorearen iritzirik eman, ez bait ditut ikusi. Eta aitortu behar dut, bigarren hau ikusteko intentziorik ere ez daukadala, baina eskertzen da proposamena.

Besteen iritziak argitaratzen joango naiz, neuk aukeratutako beste batzuekin tartekatuz.

Azkenik, pelikuletako akatsen (gazapo) inguruko sekzio bat irekitzea proposatzen duzue. Nik uste, sekzio hori interesgarria izateko, irudiak beharko genituzkeela eta zoritxarrez ez daukat hori egiteko aukerarik (nik dakidala behintzat). Eta idatziz egiteak grazi haundirik ez duela iruditzen zaidanez, oraingoz aparkatua lagaku dut ideia hau.

Bukatzeko jakin, azken kritikatutako pelikularen trailerra erakusten saiatuko naizela, orain "El Orfanato"-rena ikus dezakezue, eta gogoratu entrada guztien zerrenda ere gehitu dudala, gehien interesatzen zaizuen sekziora zuzenean iristeko!

MILA ESKER DENOI!

IRITZIGUNE MARTXAN!

domingo, 14 de octubre de 2007

EL ORFANATO -2007-


Bale, ez da txarra pelikula baina ez du ezer berririk erakusten.
Publizitate kanpaina potente batek egin dezakeenaren aurrean gaude filme honen kasuan. Estreinatu aurretik dagoeneko esan ziguten "la leche" zela, oskarretarako aurre-hautatua, "Los Otros"-ekin ez zuela zerikusirik, Guillermo Del Toro-k produzitu duela, (filmea berak egin duela esan nahiko balu bezala, dirua jarri besterik egin ez duenean...) eta bla, bla,bla.
Han eta hemen ikusitako filmetatik ideiak hartu, pare bat susto merke ipini (bolumena igoaz), dena nahastu eta ala! "peliculón".
Hollywood-en ere badituzte kopia deskaratuak, "remake" esanda txukunago geratzen direnak baina behintzat disimulo handiagoa dute eta zine orientalean oinarrtu izan dira azken aldian, ez bait da hain ezaguna. "Infiltrados", "The Ring", "Llamada Perdida"...etab.
Baña hauek ez, diximuloa? paque!
Zuzenean pelikula espainiarretatik kopiatu eta kitto: "Los Otros", "Nos Miran","Los Sin Nombre" eta batez ere Balageró-ren "Frágiles".
Baina bueno, publizitate kanpainan gastatu dutenarekin, diru pila lortuko dute estatuko zinetan. (nire 4 euroak barne!)
Behin baino gehiagotan etorri zait burura, duela pare bat urte, Donostiako beldurrezko zinemaldian, ikusle batek (denok entzuteko moduan) esan ziona pantailan ageri zen neska protagonistari:
"¡ A dónde vas, insensataaaaaaa!"
ONENA: Zati bakoitza zein filmetatik hartua den asmatzera jolas zaitezke.
TXARRENA: Originaltasun falta.
Filosofo handi baten hitzak hartuaz: "Qué peli buena, ni qué niño muerto!"
P.D. Ezetz hautatu pelikula Oscar-etarako!

miércoles, 10 de octubre de 2007

LEON (El Profesional) -1994-


Adimen urritasuna duen hiltzaile profesional bat (Jean Reno) eta umezurtz geratzen den neskatxa baten (Natalie Portman) amodio istorioa aurkezten digu Luc Besson zuzendari frantziarrak akziozko filme honetan.

Estilo propioa duen zuzendaria dugu Besson, erraz antzeman daiteke bere eskua hainbat filmetan,, esaterako ( Nikita, El 5º Elemento, Juana De Arco, Taxi...).

Gehiegizko akzio filmea da Leon, baina dotore azaltzen ditu akzio eszenak eta baita amodiozko erlazio bitxi hori.

Aipamen berezia behar dute bertako aktore guztiek, Jean Reno aparta, guztiek maitemindu gintuen Natalie Portman bere lehenengo agerralditakoa izan zen honetan eta Gary Oldman handia, nahiz eta bere interpretazioa gehiegizkoa izan, izugarri atsegin dugu tipo hau!

ONENA: Estetika, soinu banda, emozioa...

TXARRENA: Mozorroen jolasarekin eman nahi zaion komedia puntu hori.

lunes, 8 de octubre de 2007

BITXIKERIA: ERALDAKETA

Bai, gezurra badirudi ere hiru argazki hauetan azaltzen den tipoa, pertsona bera da. Christian Bale.

Lehenengo irudian "Batman Begins" filmean ikus dezakegu, bigarrenean "El Maquinista" filmean eta hirugarrenean "American Psyco"-n.

Ondo ote dago tipo hau burutik!!??

domingo, 7 de octubre de 2007

EXISTENZ -1999-


Donostiako zinemaldia dela eta egunotan "modan" dugun David Cronenberg zuzendari beteranoaren filmea dugu honako hau. Thriller-a eta zientzia fikzioa uztartzen dituen istorioa da non bideojokoen gaia muturrera eramaten duen, errealitatea eta fikzioaren arteko muga ezabatuz. Jude Law eta Jennifer Jason Leigh dira Cronenberg -en estilo gordina nabaria den istorio honetako protagonistak.

"Nivel 13" eta "Dark City" -rekin batera, urte berean estreinatu zen Matrix (oso ona den arren) hain originala ez dela erakusten duten filmetako bat da. Baina Matrix-en aurrekontua, marketing-a etab. 1000 aldiz handiagoa zenez ba...

ONENA: Ezin dela aurrikusi zer gertatuko den momentu bakoitzean, eta bideo kontsola arraro hori....

TXARRENA: Cronenberg-en estilo "berezia" ez dela denen gustokoa eta Matrix-ekin topatu izana.

BERRIAK


Aupa!

Aktore/aktoresak erlazionatzen lehiaketan Barkaha-k marka berria ezarri du. Miki Nadal eta Jessica Alba 5 pausutan erlazionatu ditu. Hay que ser friki!

Ea norbaitek gainditzen duen!

Bestalde, lagun ezezagun batek "El Gran Lebowski"-rekin erlazionaturiko link kurioso bat laga digu. http://www.lebowskifest.com/

Dirudienez pelikulak eraginda festak antolatzen dira Los Angelesen eta baita Erresuma Batuan ere. Bolo jokoak, kontzertuak eta filmearekin erlazionaturiko mila gauza. Bitxia benetan! ESKERRIK ASKO!

viernes, 5 de octubre de 2007

Eskari Berezia: Joku Proposamena

Barkaha-k proposaturiko jokuari ekingo diogu. Begi bistako erlaziorik ez duten bi aktore/sa erlazionatzean datza, ahalik eta pausu gutxienetan.
Barkaha-ren proposamena: Miki Nadal eta Jessica Alba.

Hemen nire erantzuna, norbaitek laburragoa badu, ipini hemen!

Miki Nadal -1-El Informal- Florentino Fernandez-2-Isi Disi- Santiago Segura-3-Blade II-Wesley Snipes-4-Invicto-Ving Rhames-5-Pulp Fiction-Bruce Willis-6-Sin City-Jessica Alba.

6 pausotan ezarri da marka, ea nork hobetzen duen!

Barkaha dugu garaile! 5 pausutan erlazionatu ditu Miki Nadal eta Jessica Alba. Oso ona! Zorionak!

Eskari Berezia: OFFICE SPACE (Trabajo Basura) -1999-


Filme xume baina dibertigarria dugu "Trabajo Basura". Beren lanarekin nazkatuta dauden 3 langilek, empresari lapurretan egitea erabakitzen dute trikimailu informatiko baten bidez baina akats txiki batek izugarrizko buruhausteak ekarriko dizkie.

Mike Judge-ren film honetan Jennifer Aniston-ek ("Friends") bere lehen agerralditako bat egiten du zine munduan. Lasai, ez da protagonista!

Pretentsio handirik gabeko filme gomendagarria.

ONENA: Dudarik gabe, langile baztertua! "-...un día de éstos voy a quemar este edificio...-"

TXARREANA: Zortea izan ezkero, bideklubetako txoko ezkutuenetan bakarrik aurki daitekeela.

Eskari Berezia: DOWN PERISCOPE (Abajo El Periscopio) -1996-


"Frasier" telesail ospetsuko Kelsey Grammer dugu filme honetako protagonista. Onartu beharra dago ausardia behar dela horrelako pelikula penagarri bat egiteko (ausardia edo soldata ona...), humore simplea, kolpeak, erorketak... aurkezten dizkigu David S. Ward zuzendariak, seguruenik oraindik gartzela zigorra betetzen ariko dena lan honengatik.
Urpekuntzi desastroso honetako aktoreen artean Rob Schneider aurki dezakegu, pelikula mota honetan espezializatua.( "Estoy Hecho Un Animal, Gigoló, Este Cuerpo No Es El Mío...) En fin...
Bestalde, William H. Macy (Fargo, Magnolia, Boogie Nights...) aktore errespetagarria ere aurki dezakegu, izan ere, beste ezer ez dagoenean zerbait egin beharra dago soldata etxera eramateko...

Ez da gomendagarria 18 urtetik gorakoentzat.

Bitxikeria: Urpekuntziko "Pacman" sukaldaria, Bill Murray-en "Atrapado En El Tiempo" filmean ikus dezakegu, behin eta berriz, behin eta berriz...

ONENA: Pffffffffff....
TXARRENA: Hain da zaila erabaki hau hartzea...

jueves, 4 de octubre de 2007

ED WOOD -1994-


Historiako zine zuzendari txarrena bezala ezagutzen den Ed Wood (Johnny Depp) zinegilearen bizitza azaltzen digu Tim Burton-ek filme honetan. Zuzendari ospetsua izatera iristeko nahia, emakume arropaz janzteko zaletasuna eta Bela Lugosi-rekin (Dracula) izandako harremana erakusten digu. Bigarren honek bere gain eramaten du protagonismo osoa, izugarri dago Martin Landau Oscar-a eman zion Bela Lugosi-ren paperean. Hontaz aparte makillajeak ere Oscar-a irabazi zuen.

Bitxikeria: Zuri beltzean filmatua dago garaiko giroa egokiago islatzeko.

ONENA: Martin Landau olagarroarekin borrokan.
TXARRENA: Nahiko oharkabean pasatu zela filmea.

THE BIG LEBOWSKI (El Gran Lebowski) -1998-


Coen anaien irudimen mugagabetik sortutako filme dibertigarria da honako hau. Pertsonaia bitxiez eta humore beltzez beteriko historio absurdo bezain landua. Aurpegi ezagun asko aurkitu ditzazkegu elkarrizketa paregabeak dituzten pertsonaien atzean, esaterako: Jeff Bridges, John Goodman, Steve Buscemi, Julianne Moore, John Turturro...etab. Harribitxi hutsa.


ONENA: Elkarrizketa surrealistak eta John Turturro.

TXARRENA: Sam Elliot-en paperak ez du ez hanka eta ez bururik...

THE DEER HUNTER (El Cazador) -1978-


Pennsylvania-ko hiru langile arrunten bizitzak zeharo aldatzen dira Vietnam-eko gudak sortutako ondorio psikiko eta fisikoengatik. Michael Cimino-k zuzenduriko klasiko honek 5 Oscar irabazi zituen 1978-an. (Pelikula, Zuzendaria, Bigarren Aktorea, Muntaia eta Soinua)

Gudaren zentzugabekeria eta eromena azlatzen duen filme gogorra da honako hau. Aipatzekoa da pertsonai bakoitzaren eraldaketa eta elkarren arteko erlazioa metraian zehar. (Robert De Niro, Christopher Walken, John Savage)

Bestalde, Meryl Streep-ek ere parte hartzen badu, hobe!


ONENA: Christopher Walken
TXARRENA: Agian gehiegizko iraupena.

THE MISSION (La Misión) -1986-


Roland Joffé (Los Gritos Del Silencio) zuzendariaren maisulan honetan, Parguay-ko oihanetako indigena guaraniak eta bertara iritsitako misiolari jesuiten arteko erlazioa ageri da. Denek batera aurre egingo diote, bertako aberastasunen gose den Imperio Portugaldarrari.
Ezinbesteko filme hunkigarria da honako hau, bikote protagonistaren lan bikaina (Robert De Niro, Jeremy Irons), soinu banda zoragarria (Ennio Morricone) eta paisaia txundigarriak berehala ez ahazteko modukoak bait dira.

Bitxikeria: Liam Neeson gazte bat ikus dezakegu bere lehen paperetako batean.

ONENA: Guztia.
TXARRENA: Oliver Stone-en "Platoon" filme izugarriarekin topatu ez balitz, Oscar garrantzitsuagoak izango lituzke bere baitan. (7 izendapen eta Argazkia-ri Oscar-a)

MANHUNTER -1986-


Michael Mann zuzendariaren lehen filmetako bat da Manhunter hau. Bertan Hannibal Lecter-en lehen historioa moldatzen du, Thomas Harris-en "El Dragon Rojo" nobelan oinarriturik. Suspense pelikula interesgarria non gaur egungo Michael Mann-en estilo bereziaren lehen aztarnak antzeman daitezken.

1986-an aurkeztu zen filme hau baina Hannibal Lecter ez zen mundu osoan ezaguna egin 1991-an "El Silencio De Los Corderos" aurkeztu zen arte.

2002. urtean historio bera birmoldatua izan zen Brett Ratner-en eskutik.

Bitxikeri modura esan, filmeko protagonista William Petersen dela, gaur egun C.S.I.-ko Grissom-en paperagatik ezaguna. Hori bai, urte eta kilo batzuk gutxiagorekin...

ONENA: Nobelarekiko fideltasuna
TXARRENA: Agian erritmo falta nabari da momentu batzutan.

Gaiaren inguruan:

"El Dragón Rojo", "El Silencio De Los Corderos", "Hannibal", "Hannibal: El Origen Del Mal"-Tomas Harris- Nobelak
"El Dragón Rojo"-Brett Ratner- Pelikula
"El Silencio De Los Corderos" - Jonathan Demme- Pelikula
"Hannibal" -Ridley Scott- Pelikula
"Hannibal: El Origen Del Mal" -Peter Webber- Pelikula


300 -2007-


Frank Miller komikilari ospetsuaren izen bereko nobela grafikoan oinarritzen da 300. Bertan Espartarrak eta Pertsiarrak aurrez aurre agertzen zaizkigu , K.A. 480.urtean, Termopiletako guda ospetsuan. Lehen ere pantailaratua da historio hau 1961. urtean "The 300 Spartans" izenburupean Rudolf Maté-ren zuzendaritzapean.

Zack Snyder-ek zuzenduriko 300 honek, gidoiaren aldetik hutsaren hurrengoa izan arren, pena merezi du. Ikuskizun hutsa da, irudiaren tratamendu bereziarengatik, soinu bandagatik eta transmititzen duen indarragatik.Gora gu ta gutarrak!
ONENA: "Voz en off" deritzona eta burrukako irudi ralentizatuak.
TXARRENA: Fantasiazko pertsonaiak soberan daude. (Efialtes konkorduna, Persiar ejerzitoko munstroa, aker burua duen musikaria...)

"Azeriak trikimailu asko dakizki. Trikuak bakarra, baina oso ona da." -Arquiloco-

Gaiaren inguruan:
"Puertas De Fuego" -Steven Pressfield- Nobela historikoa.
"300" -Frank Miller- Nobela grafikoa
"The 300 Spartans" -Rudolf Maté- Pelikula

IRITZIGUNE martxan!

Kaixo!

Martxan da IRITZIGUNE berria!

Gaurko eta atzoko pelikulen inguruko iritziak argitaratuko dira bertan.

Parte hartu eta eman zeure Iritzia!